Edukira joan

Lea-Artibai eta Mutriku

Markina-Xemein
2008ko abuztuak 21, Eguena

;2008-07-03;Lagunarteko ospakizuna. Uztaileko lehenengo domeka badator, eta ohi den moduan, sanmartinak ospatuko dira San Martin Auzoan. Urtero legez, auzotarrek egitarau zabala prestatu dute egun osoan girorik falta ez izateko.

Uztaileko lehenengo domeka badator, eta ohi den moduan, sanmartinak ospatuko dira San Martin Auzoan. Urtero legez, auzotarrek egitarau zabala prestatu dute egun osoan girorik falta ez izateko.

Lagunarteko ospakizuna

eider mugartegi

Leku lasai eta txukuna da San Martin ermitaren ingurua, baina urtean behin musikaz, jendez, alaitasunez eta algaraz betetzen da. Domekan izango da egun hori, auzoko jaiak ospatuko dira eta: sanmartinak.

Maiatzean hasi ziren auzoko bizilagunak jaiak prestatzen, eta urtero moduan, ohiko ekimenez gain berriren bat ere sartu dute egitarauan. Beti ere, jai parte-hartzaileak prestatzen dituzte, San Martinera joaten direnak jaian murgilduta sentitzeko.

Aurtengo berritasuna emakumeen aurreskua izango da. Lehen Zerutxu dantza taldean ibilitako emakumeek aurreskua ikasi zuten aurten Markina-Xemeinen izan den Bizkaiko Dantzari Egunean egiteko, eta domekan, San Martinen egingo dute dantzaren erakustaldia. Bestalde, betiko ohiturei jarraituz, paella, mus eta briska txapelketak egongo dira. Urtero, zazpi edo zortzi paellek lehiatzen dute saria , baina, horretaz gainera, antolatzaileek auzotarrentzat egindako paella handia ere egoten da. Jateko faltarik ez da egoten, eta parte-hartzea librea izango da. Eskatzen duten bakarra, urtero moduan, dena jasotzea eta ingurua zaintzea da.

Jolasak

Umeek gustuko duten jaia izaten da San Martin. Batez ere, arratsaldeko jolasen orduan primeran pasatzen dute. Betiko jolasak egiten dituzte: sokatira, txokor batzea, aulki jokoa eta aringa-aringa, beste batzuen artean. Gainera, animatzaile berezia edukitzen dute. Iaz «Leticia Sabater» egon zen, eta aurten beste ezustekoren bat egongo da seguruenik.

Giro onak beti lagundu izan dio jaiari, eta bertako erromeriak inguruetako alaienak eta atseginenak izaten omen ziren. Gaur egun ere girorik ez da falta izaten, eta egun osoko erromeria egoten da alaitasun hori egon dadin.

############

egitaraua

11:00etan. Herri meza.

Ostean. Ohiturazko aurreskua.

12:00etan. Etxebarriko kantariak.

13:00etan. Zerutxu dantza taldearen dantza saioa eta emakumeen aurreskua.

14:00etan. XX. Paella Txapelketa. Sariak: 1.ari 60 euro eta garaikurra; 2.ari 50 euro; 3.ari 40 euro; 4.ari bi xanpain botila.

16:00etan. Umeen jolasak eta txokolatada.

17:00etan. XXIII. Mus Txapelketa eta XX. Briska Txapelketa. Sariak: 1.ari 180 euro eta txapelak; 2.ari 120 euro eta garaikurrak; 3.ari 90 euro; 4.ari 60 euro.

Bikote bakoitzak 10 euro ordaindu beharko ditu.

19:00etan. Zozketa.

############

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)

eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.