Edukira joan

Lea-Artibai eta Mutriku

Markina-Xemein
2008ko abuztuak 21, Eguena

;2008-07-04;Gaur hasiko da Markina Master Series zesta-punta txapelketa. Markina-Xemein Punta-puntako lau bikotek jokatuko dute aurtengo txapela; Rekalde eta Lopez ere ailegatu dira.

Gaur hasiko da Markina Master Series zesta-punta txapelketa

Markina-Xemein Punta-puntako lau bikotek jokatuko dute aurtengo txapela; Rekalde eta Lopez ere ailegatu dira.

e. mugartegi

Bereikua eta Iruk Egiguren II eta Arriagaren kontra jokatuko duten partidagaz hasiko da, gaur, Markina-Xemeingo Uni frontoian, Markina Master Series txapelketa. Lau bikotek jokatuko dute txapela: Bereikua eta Iruk, Egiguren II eta Arriagak, Rekalde eta Goitiak eta Zen eta Lopezek.

Gaur eta etzi jokatuko dituzte ligako lehenengo partidak. Gaur, 22:00etan jokatuko da lehenengoa, eta etzi, 17:30ean, bigarrena. Domekan, Rekalde eta Goitiak Zen eta Lopezen kontra jokatuko dute. Horretaz gainera, ligako beste hiru partida jokatuko dira: 11n, 20an eta 23an. Finalaurrekoa 25ean izango da, eta 27an jokatuko dute finala. Urtero moduan, partida berezi bat eskainiko dute 16an, Karmen Egunean.

Txapelketa gogorra izango da. Izan ere, maila handiko pilotariek jokatuko dute, eta bikoteak parekatuta daude.

Alex Rekalde izango da aurtengo Markinako Master Series txapelketako izarretako bat. Pilotari markinarra martitzen eguerdian heldu zen Euskal Herrira txapelketan bere aurkari izango den Imanol Lopez pilotari zumaiarragaz batera. Biek jokatuko dute gaur hasiko den Orange Zirkuituaren lehenengo txapelketan. Domekan estreinatuko dira biak.

Hiru denboraldi pasatu dira Rekaldek Markina-Xemeinen azkenengoz jokatu zuenetik, eta pilotaria gogo handiekin heldu da. «Barikuko partida ondo etorriko zait berriro kantxaratzeko. Denbora asko pasatu da -eta azkenengoz hemen egon nintzenetik. Frontoia ondo ezagutzen dut, bertan jokatu dut bizitza osoan eta, baina kinieletara jokatzera ohituta nago.Beraz, berriro moldatu behar nahiz hemengo jokora», adierazi du Rekaldek. Helburua maila ona erakutsi eta jendea pozikuztea duela esan du. «Jendeak asko gozatu zuen orain dela hiru urte Jai-Alivegaz jokatu genuenean eta espero dut aurten gehiago gozatzea, pilotari maila handia dago eta», azaldu du pilotari markinarrak.

Aurten ere bikote bera

Aurten ere, orain dela hiru urte moduan, Goitia izango du bikote Rekaldek. Orduan, ondo konpondu zen bikotea eta azpitxapeldun geratu ziren txapelketa osoan zaletuen txaloak jaso ondoren. «Goitiagaz hainbat partida jokatu ditut. Ondo ezagutzen gara, eta beti ondo konpondu izan gara. Kasta bereziko beteranoa da, jadanik ez dauden horietakoa, eta gazte-gazte mantentzen dela esan didate», aitortu du Rekaldek. «Bikote gogorrak» edukiko dituen txapelketa izango dela esan du.

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)

eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.