
iñaki arregi ðUemako koordinatzailea
«Harreman afektiboa da efektiboena etorkinak euskarara erakartzeko»
Markina-Xemein Meabe auzoan bizi den ermuarrak hamasei urte daroaz honez gero Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko koordinazio zereginak aurrera eroaten.
maribi ugarteburu
Ermuko euskalduna izanik, (Ermua, 1954), bere inguruan ikusi zuen zelan igaro zen hainbat familia bi belaunaldiren buruan aitxitxe-amumek erderarik ez jakitetik bilobek euskararik ez jakitera. Akaso horrek eraginda, bizitzaren arlo guztietan euskara erabiltzea «determinazio pertsonala» izateaz gain, bere lanaren funtsa ere bada.
Zenbat urte daroazuz Markina-Xemeinen bizitzen?
Bederatzi. Ordurako Ermutik Mallabira joanda geunden; eta Mallabitik bertora etorri ginen.
Aldaketa handia izan zen hona etortzea?
Ikaragarria. Mallabian bertan ere ikusten genituen gure umeak kalean erderaz... Horrek ere animatu gintuen hona etortzera; eta baita oxigeno bila ere. Hala ere, Ermuan ere bizi daiteke euskaraz, arazo batzuekin izan arren; euskaldunak badaude, eta sare moduko bat egiten dute guztien artean. Pentsatzen dena baino euskaldun gehiago dago Ermuan, eta euskararen inguruan kontzientzia handia daukan jendea. Hala ere, nire belaunaldiko jende askok galdu egin zuen euskara, nahiz euren aitxitxe-amumek erderarik jakin ere ez egin.
Norbere herrian arrotz hala ere?
Askotan bai, jakina. Erabakitzen duzunean euskaraz bizitzea eta horretan amore ez ematea, arazoak hasten dira, baina ez bakarrik Ermuan.
Ueman sorreratik zaude berton lanean?
Ia-ia; Uema 1991ean sortu zen, eta ni hurrengo urtean hasi nintzen.
Zelan gogoratzen dituzu hasierako denborak?
Batez ere ilusio handia zegoen. Dena egiteko zegoen. Euskara planik ez zegoen oraindik; alkateak idazkariaren mahaiaren gainean emandako esku kolpea zen, akaso, euskara plana, «bihartik paperak euskaraz egingo ditugu» aginduz. Irizpide batzuk finkatu eta lanean hasi ginen, hasiera hartan, hamalau udalerrigaz. Arazo juridikoen gainetik de facto euskaraz bizitzeko politika egiteko asmo sendoa zeukaten udalerri horiek. Eta ilusioa.
Udalerri berriak sartzen joan ziren gero Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera .
Garai hartako Uemako lehendakariagaz arratsaldero hartu autoa eta han joaten ginen lantzean herri batera proiektua aurkeztera. Orduan ezagutu nuen nik Euskal Herri euskal hori; Nafarroan eta Gipuzkoan, sekula entzun ere egin bako herriak ziren niretzat asko. Kilometrotan egin genuen orduan! Sasoi baten fraileek egiten zuten antzera, misioetara legez joaten ginen, gure proiektuaren berri ematera.
Euskararen normalizazioan diharduen udalen mankomunitatea: lan ikustezina. Zelan eroaten da ikustezintasun hori?
Beno, herritarrek ikusten badute udal batean euskaraz ematen den zerbitzua ona dela, horregaz gaude gu pozik. Gure zerbitzua ez da ikusten obra bat ikusten den legez, baina herriotan azken hogei urteetan eman den aldaketa ikaragarria da. Seguruena ez da egongo munduan beste hizkuntza minorizatu bat horrenbesteko aldaketa eman duenik urte gutxian.
Azalduiozu Bilbotik hona etorri berria den bati, ia zergatik UEMAko udaletan euskaraz dagoen dena.
Lehenengo kolpea harridurazkoa izan daitekeen arren, nik uste dut borondate onagaz eta berton integratzeko gogoagaz datorren edozeinentzako laguntza bat izango dela hori. Eskolan, udaletxean, kalean, ikusten badu normaltasun osoz euskaraz doala dena, bera ere errazago integratuko da.
Espainiako intelektualak gaztelera babesteko deia egiten; gurasoak Gasteizen A ereduaren alde... Zer gertatzen da?
Horrek errealitateagaz ez dauka zerikusirik; kanpaina politiko-mediatikoak baino ez dira, Katalunian ere egin izan dituztenen bidetik. Baina eurek ere badakite hemen arazoa euskaraz bizi nahi duen jendeak duela. Erreakzio horiek, dena den, askotan ondo etortzen zaizkigu esnatzeko eta astintzeko.
Berbalagun izaten jarraitzen duzu?
Bai, pasa dira ia bi urte. Zapatueroko ohitura bihurtu da niretzako, eta egia esan, oso gustura joaten naiz. Lau batzen gara taldean: senegaldar bi, Sestaoko bat eta neu.
Eta zer egiten duzue?
Ba, berba! Eguraldiaren arabera egiten dugu planen bat edo beste; aurten, horrenbeste eurigaz Uhagonen geratu izan gara askotan. Bestela, paseatu, edo alboko herrietara joan izan gara...
Lagun egin dituzu.
Bai, eta gainera uste dut harreman afektiboa dela efektiboena etorkinak euskarara erakartzeko.
Etorkinak euskaldundu ezean?
Euskaldunok erronka handi-handia daukagu etorri berriekin; nik, Ermukoa izanda, badakit zer pasatu zen han, eta benetako neurriak hartzen ez badira euskaldundu eta integra daitezen, arazo handi bat edukiko dugu.
Zu zeu zerk bultza zintuen Berbalagun izateko?
Gaur egun zer da abertzalea eta ezkertiarra izatea? Abertzalea izatea niretzako, lehenik eta behin, euskaraz bizitzea da, maila guztietan. Eta ezkertiarra izatea gaur egun konplikatua da, baina nik uste dut gizarteko piramide horretan behe-behean daudenei laguntzea dela. Eta hor behean daudenak, etorkinak dira. Holako planteamendu batetik sartu nintzen; baina, hori dena albo batera lagata, oso harreman aberasgarria da norberarentzako, eta asko ikasten da. Buruan beste kulturez eta erlijioez dauzkagun klitxe asko ere apurtzen dira.
############
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)
eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.