Edukira joan

Lea-Artibai eta Mutriku

Markina-Xemein
2008ko abuztuak 21, Eguena

;2008-07-09;´Bere garaiko aurrelaririk onena izan zen, Pistonen hurrengoa». Markina-Xemein Jose Luis Salsamendi pilotariaren ibilbide profesionala batu du Jose Agustin LarraÒaga markinarrak liburu batean. JOSE AGUSTIN LARRAÒAGA õ . Idazlea

jose agustin larrañaga ðIdazlea

«Bere garaiko aurrelaririk onena izan zen, Pistonen hurrengoa»

Markina-Xemein Jose Luis Salsamendi pilotariaren ibilbide profesionala batu du Jose Agustin Larrañaga markinarrak liburu batean.

eider mugartegi

Pilotarien gaineko hirugarren liburua argitaratu du Jose Agustin Larrañagak (Markina, 1934). Gaztetan hasi zuen pilotagaz hartu-emana, eta orduan, pilotarien kontuak entzun besterik egiten ez zituen arren, erretiratu zenean datuak batzeari ekin zion. Behar horren ondorioa da bere kabuz kaleratu duen Jose Luis Salsamendi El Maestrito pilotariaren gaineko liburua. Pilotari baten gaineko liburua baino gehiago, pilotaren garai baten erakusle da liburua.

Hirugarren liburua duzu Salsamendirena.

Lehenengo, Jose Luis Bereziartua Martzelino-ren gainean idatzi nuen, gero Mugerzaren gainekoa eta azkenik Salsamendirena.

Zelan bururatu zitzaizun pilotarien gainean idaztea?

Martzelinok bultzatuta hasi nintzen idazten. Bere aitaren zer edo zer egiteko eskatu zidan. Ni ez naiz sekula izan idazlea, eta geldiro-geldiro hasi eta animatzen joan nintzen. Ez ditut liburuak obra literario moduan atera, pilotaren historiako datu horiek ez galtzeko baizik. Orain, eskuartean dabiltzan datu asko bihar edo etzi zakarrontzira joango dira jendeak ez ditu gordetzen eta. Pilotari gutxik ditu bere kontuak gordeta. Beraz, datu piloa nuela ikusita, daturik garrantzitsuenekin liburu bat egitea erabaki nuen. Egunen baten, bateren batek egingo du historia handia eta liburu horiek ondo etorriko zaizkio.

Zer aurkituko du irakurleak liburuan?

Salsamendiren ibilbide profesionala kontatzen dut, 1934an hasi eta 1963ra arte. Bertakoa izanik, Bartzelonan hasi zen jokatzen Salsamendi. Handik Bruselasera joan zen jokatzera, eta gero Shangaira (Txina). Gerra amaitutakoan bueltan etorri zen, eta Donostian eta Zaragozan jokatu zuen, 1940an Manilara joan zenera arte. Bertan, urte pare bat zeramatzala mundu gerra heldu zen, eta nahiz eta frontoia erdi apurtuta eta lau urte jokatu barik egon, Manilatik irten ezinik egon ziren pilotariak.

Bertatik irteteko aukera izan zuen azkenean?

Bai, eta 1946an Donostian eta beste leku batzuetan jokatu zuen. 1947an Habanara (Kuba) joan zen, eta bertan egon zen jokatzen 1960ra arte. Handik Mexikora egin zuen. Tartean, Danian ere jokatu zuen. Pilotariak, Habanatik Daniara joaten ziren-eta jokatzera. Mexikon, hiru urte jokatzen egin ondoren, erretiratu egin zen, eta bertan bizi izan zen hil zenera arte.

Zergatik aukeratu duzu Salsamendi?

Bere sasoiko aurrelaririk onena zen, Pistonen hurrengoa, eta gero, bera zahartu zenean, Fernando Orbea, Orbea I-k kendu zion aurrelarien zetroa.

Bere historiagaz gainera, pilotaria egon zen frontoien eta beragaz jokatu zuten pilotarien gaineko datuak ere sartu dituzu liburuan. Informazio zabala da. Zelan lortu duzu?

Martzelinok bere liburua egiteko eskatu zidan, eta horretarako Jose Luis Salsamendiri eskatu zizkion hainbat datu. Martzelinoren laguna zen eta idatzi egiten ziren. Dena dela, Salsamendik 1954tik aurrerako datuak zituen, eta aurrekoak nik bilatu ditut Martzelinoren datuetatik, aldizkarietatik, eta pilotariekin zapaturo batzen naizenez, eurengandik ere bai.

Zelako liburua da?

Ez da luxuzko liburua, baina datu asko eta informazio piloa dauka. Kuba, Mexiko, Filipinak eta Txinako hainbat kontu agertzen dira bertan, esate baterako.

Denbora luzea beharko zenuen datuak batu eta liburua idazteko.

Zatika-zatika datuak sartzen eta zuzentzen joan naiz. Denbora luzea behar izan dut datuak bilatzeko, eta gaur egun ere bilatzen jarraitzen dut.

Liburuak zure kabuz argitaratu dituzula diozu...

Orain dela hiru urte pilotaren gaineko argazki erakusketa egon zen Markina-Xemeinen. Bertan egon ziren hiru liburuak, baina inor ez zen konturatu ere egin. Orduan, batera eta bestera galdetzen ibili eta gero, neure kontura egitea erabaki nuen. Horrela, 50 liburu editatzen ditut, eta saltzen badira beste 50.

Zelan hasi zen zure harremana pilotaren munduagaz?

Gaztetan, 13 urtera arte, pilotan egiten nuen, eta azken pilotakadak txapelketa batean eman nituen Fernando Orbeagaz batera. Min hartu nuen bizkarrezurrean, eta horregaitik jokatzeari utzi egin nion.

Baina harremanetan jarraitu duzu pilotariekin.

Ia -ia 40 urte daroat Markina-Xemeingo pilotariekin hartu-emanetan. Lehen, Pistisenean batzen ziren mordoa, ni baino zaharragoak denak, baina euren taldean sartu nintzen, eta entzun eta entzun, gogoan hartzen joan naiz dena. Hala ere, ez nuen ezer egiten batzeko. Erretiratu nintzenean, gauzatxoak egiten hasi nintzen. Orbeari ere bere istorio txiki bat egin nion, eta hori ikusita, Martzelinok gehiago idaztera animatu ninduen.

Zapaturo pilotariekin batzen jarraitzen duzu, beraz.

1969tik zapaturo batzen naiz Markinako pilotariekin. 1968an ezkondu, eta Eibarrera joan nintzen bizitzera, baina ez diot sekula utzi astero etortzeari.

Zenbat batzen zarete gaur egun?

Orain dela 30 urte, uda sasoian, 20 bat lagun batzen ginen Pitisenera joateko. Gaur egun, ni eta beste bi elkartzen gara, baina, badira noizbehinka etortzen direnak ere.

Aldizkari batean ere kolaboratzen duzu.

Orain dela urte bitik Eibarko aldizkari baterako idazten dut. Markina-Xemeingo Garaian-en antzekoa da, baina hile bitik behin irtetzen du. Eibarko pilotarien biografia egiten dut hile bitik behin. Bai pilotari eta bai erraketa jokalarien gainekoa. Zestazkoekin hasi nintzen, ezagutzen nuena, baina eskuzko pilotariena ere prestatzen nabil.

Idazteaz gainera, margotu ere egiten duzu.

Markina-Xemeinen hiru erakusketa egin ditut, eta idatzi ditudan liburu guztietan nire koadro bat sartu izan dut: Mugerzarenean Boluko zubia, eta Martzelinorenean Etxebarriko bista. Salsamendirenean, ostera, Zelaia agertzen da. 1949an partida bat jokatu zuen Salsamendik Markina-Xemeinen, eta autobusean etorri zen Elgoibartik Markinara. Tate aurrean jaitsi, eta frontoia parean zegoela esan zioten. Ibilbidean berak ikusi ahal izan zuena irudikatu dut.

Beste pilotari baten historia idazteko asmorik badaukazu?

Txikito de Eibarrena prestatzen nabil. Markina eta Etxebarrikoren bat ere egiteko asmoa badaukat.

############

liburua

Jose Luis Salsamendi El Maestrito

Autorea. Jose Agustin Larrañaga Lejardi.

Luzera. 323 orrialde.

Inpresioa. 2005ean idatzia, 2008an argitaratua.

Liburua. Jose Luis Salsamendiren ibilbide profesionala kontatzen du, 1935etik 1963ra arte. Horretaz gainera, Salsamendigaz jokatu zuten pilotarien 90 biografirek osatzen dute liburua. Pilotari horien datuak, izena, adina, jaiotza urtea, jokatzeko era eta pasadizoak kontatzen ditu. Baita, Salsamendik jokatu zuen frontoien deskribapena ere, euren ezaugarri, argazki eta historiagaz.

############

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)

eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.